XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...)ez dela borondatezkoa, eta gizarteek, menpean dauzkan indar handiago bati obeditzen diotela, ohartu gabe.

Gizabanako guztien borondate partikularra gidatzen duen kausa orokorra munduan aurkitu behar bada ere, honek ez du giza askatasuna ziurtatzen.

Aldi berean milioika pertsonari aplikatu ahal izateko behar hainbat kausa zabalak, eta guztiak batera alde bererantz makurrarazteko behar hainbat indartsua denak, jarkiezina ematen du erraz; berari amore ematen zaiola ikusi ondoren, normala da sinestea ez dagoela hari aurre egiterik.

Demokrazi garaietan bizi diren historialariek, herriaren destinoaren gain eragiteko ahalmena hiritarren batzuei ukatu ezezik, herriei berei ere kentzen diete beren zoria aldatzeko ahalmena, eta probidentzia zurrun edo fatalitate itsuren baten menpe jartzen dituzte.

Historialari horien arabera, nazio bakoitza estu-estu lotua dago bere posizio, jatorri, aurrekari eta izaeragatik destino jakin bati, eta ahalegin guztiek ezingo lukete hori aldatu.

Belaunaldien arteko elkartasuna sortzen dute eta, honela, aroz aro eta erabakiorrak izan diren gertakariz gertakari munduaren jatorriraino iristean, gizadi osoa biltzen eta lotzen duen katea estu eta neurtezina egiten dute.

Ez zaie aski egitateak nola gertatu diren erakustea; atsegin dute ikusaraztea ezin zitezkeela beste era batera gertatu.

Bere historian puntu jakin bateraino iritsi den nazio bat aztertzen dute, eta horraino ekarri duen bideari derrigorrez jarraitu behar izan diola baieztatzen dute.

Hori errazagoa da, bide hobea nola har ote zezakeen erakustea baino.

Aristokrazi garaietako, eta batez ere antzinateko, historialariek idatzia irakurtzean, ematen du gizakiak, bere zoriaren jabe bihurtu eta bere hurkoak gobernatzeko, bere burua dominatzen baino ez duela jakin behar.

Gure garaiotan idatzitako historiak aztertzean, berriz, esan liteke gizakiak ezin duela ezer egin, ez bere gain, ez bere inguruan.

Antzinateko historialariek agintzen irakasten zuten, gaur egunekoek ia obeditzen bakarrik irakasten dute.

Beren idazkietan, autoreak handia ematen du sarri, baina gizadia txikia da beti.

Fatalitatearen doktrina hau, demokrazi garaietan historia idazten dutenentzat hain erakargarria dena, idazleengandik irakurleengana igarotzean, hiritarren masa osoan sartuko balitz, pentsa daiteke laster geldiaraziko lukeela gizarte berrien mugimendua eta kristauak turkiar bihurtuko lituzkeela.